Jabier Muguruza Webgunea
Sarrera Kontzertuak Berriak Biografia Diskografia Liburuak Prentsa Argazkiak                     Castellano

Leiho bat zabalik Hitzak

Aztera Egin

Leiho bat zabalik
(Iñigo Astiz)
​
Leiho bat zabalik
Leiho bat zabalik,
leiho bat zabalik.

Kaleak ez dauka izenik,
eta bera ere gorpu da
poliziaren izaren azpian.
Hartaz geratzen da bakarrik...

leiho bat zabalik,
leiho bat zabalik.

Auzoak ez daki zergatik,
beti agurtzen zuten elkar
ez daki hil nahi ote zuen
edo akaso ez-bizi soilik.

Leiho bat zabalik,
leiho bat zabalik.
Hilabete joan da jadanik,
presaka pasa naiz gaur
eta iragan da iragana,
hartaz geratzen da soilik...

leiho bat zabalik,
leiho bat zabalik.

Nik ez dakit zergatik,
inork itxi ez duelako den
edo orain beste norbaitek
zabaltzen duelako jadanik,

leiho bat zabalik,
leiho bat zabalik.


Spam kanta
(Angel Erro)

Ez dit mezua erantzuten, ez dago, ez du ikusi.
Spam banintz bezala jokatzen du nirekin.
Kalean topatuta, “zemuz zauz, aspaldin,
Idatzi didazula?, ez esan, nik hori ez dakit.
Ea noiz eoten gean hurrengo batin”.
Spam banintz bezala jokatzen du nirekin.

Posta elektroniko desiratu gabea,
Viagra erosteko eskaintza merkea,
Nigeriako osaba aberats baten diru eskea,
Kostu baxu-baxuko airelinea.
Aspaldian isildutako adiskidea.

Adimen artifizialeko adeitasun simulagailua
Silicon Valleyn dute egina, o behintzat asmatua,
zure nortasunean oinarritu erantzunen menua.
Googleri-eta, oro har, izaten diet izua,
Erakutsi neure burua, haiek ikusten datua.
Baina irrikan naiz noiz itzuliko didaten laguna.

Posta elektroniko desiratu gabea,
Viagra erosteko eskaintza merkea,
Nigeriako osaba aberats baten diru eskea,
Kostu baxu-baxuko airelinea.
Aspaldian isildutako adiskidea.


Ez zait gustatzen poesia
(Lourdes Oñederra)

Ez zait gustatzen poesia
iruzur egiten duelako.

Esaten du “udaberriak loreak dakartza”
baina denboraren igarotzeaz ari da.

Edo, “joan zinenetik egunak kolorea galdu du”,
baina askotan da eguna urdin, zerua urre, zu gabe ere.

Gainera, ez zinen joan
hil egin zinen.

Ez zait gustatzen poesia
iruzur egiten duelako.

Esaten du neskak larroxak direla edo lili-loreak
baina badakigu ez garela inoiz loreak izan.

Ez zait gustatzen poesia 
ezinak hitzez mozorrotzen dituelako


140
(José Luis Padrón)

Ez dakit zer pentsatu, zer sentitu.
Ez dakit zer esan.
Ez dakit ondo nola azaldu.
Nire aurrean zer izan.

Hau aukeratu dut eta ez beste bat,
baina ez da nahiko, jarri behar dut
gezur zatiak jartzen diren bezala.

Ehun eta berrogei gehiegi dira, 
eta guztiak sobratzen zaizkit.

Luzeegia da bizitza, laburregia da.

Badakit zer pentsatu, zer sentitu.
Badakit zer esan.
Badakit ondo nola azaldu.
Zure aurrean zer izan.

Hau aukeratu dut eta ez beste bat,
baina ez da kabitzen, kendu behar dut
egi zatiak kentzen diren bezala.

Ehun eta berrogei gutxi dira,
askoz gehiago behar dut.

Luzeegia da bizitza, laburregia da.


Izana izatekoa
(Gerardo Markuleta)

“Ni izan naizenarekin...”, eta berriz
kontatzen dizkigu
betiko bizpahiru
pasadizoak, gaur bertan gertatuak
balira bezala,
entzun gabekoak.

“Ni izan naizenarekin...”, eta laster
barruko geletan
desagertzen zaigu,
zer edo zer txukundu, ordenatzera,
zerbait bilatzera,
lekuz aldatzera.

“Ni izan naizenarekin…”, esan eta 
“Zer egun dugu gaur?”,
galdetzen du berriz,
egutegirik gabeko lurralde
batetik itzuli
berri balitz legez.
“Ni izan naizenarekin...”, dio amak.
Ezagutzen gaitu,
baina beste adin,
garai batekoak bagina legez,
bera ere beste
inongo biztanle.

“Ni izan naizenarekin...”, eta batek
ez daki benetan
begietan zer duen:
iragan sendo baten gainbehera,
edota norbere
gero gertukoa.


Etxera iritsi
(Iñaki Irazu)

Etxera iritsi
eta ez zinen,
itzala bakarrik
zokorik zoko
itzala jaten.

Eta ez ditut
argiak piztu
nahi izan:
pasilo barrena
ibili nauzu.

Hara honean
azkenik sofan
etzan naizen arte
ilunari emana
luzean luze

Zertarako ba
piztuko nituen,
benetako argia
behar nuena,
zure begiak baziren?


Jada iritsi diren barbaroen zain
(Harkaitz Cano)

“Maisua, aizu… 
Zer berri, maisu?  
Han zer datorren
ba al dakizu?” 

“Susmoa badut
–ez nago ziur–,
ote datozen 
sasoiak ilun... 

Nik mugarik ez 
nuen pasatu:
baina mugak ni 
nau zeharkatu”. 

“Maisua, aizu… 
Zer berri, maisu? 
Han zer datorren
ba al dakizu?”  

“Jarraitzen dugu,  
barbaroen zain:
gertu daudela, 
badakit orain. 

Hobi zulatzen 
ote dabiltza? 
Zelaian ihintza, 
pistolak mintza”. 

“Maisua, aizu… 
Zer berri, maisu? 
Han zer datorren
ba al dakizu?”  

“Hango berririk 
deus ez dakigu; 
ekiak bista
itsutu digu... 

Betikoa da
betiko lege: 
horizontean 
sinetsi hobe”. 


Kontraesanak
(Iban Zaldua)

Beldurrik ez izan
kontraesanei
Kontraesanak dira
bizitza bera-eta
Maita itzazu maita
zure kontraesanak

Asfaltokume petoa naiz 
baina mendiko arropa janzten dut,
zer besterik.
Korrikan beti noa dortsalez
baina lagunekin, gaztelaniaz,
no te jode.

Ni naiz kulturzale amorratua
baina CDak eta filmak saretik jaisten
ero moduan.
Zapi islamikoa matxista da
baina zure takoi puntadunak
zein naturalak

Ezker abertzaleko beteranoa naiz
baina ETAren super-aurka egon naiz
betidanik.
Demokraziaren alde buru-bero
baina hemen ez da inoiz torturatu,
kontuz gero.
​