Jabier Muguruza 1960an jaio zen Irunen, eta bost urte zituela musika munduan murgildu zen, akordeoia lagun. Zazpi urterekin Europako txapelketa eskuratu zuen instrumentu horrekin, Holandan, haurrentzako kategorian. Gerora, Frantzian, Italian eta Alemanian irabazi zuen lehiaketa hori.
Zuzenbide eta Pedagogia ikasten hasi zen, baina musikara dedikatzea erabaki zuen, azkenik. 1982an uko egin zion soldaduskara joateari. Hainbat urtez kontzertuak ematen aritu ondoren, proiektu musikal ezberdinetan parte hartzen hasi zen, eskusoinuarekin beti ere, bai rock bai kantautore munduan: Zarama, Imanol, Kortatu, Antton Valverde, Xabier Lete, Delirium Tremens… 1989an, bide pertsonalago bati ekinez, haurrentzako disko bat grabatu zuen, “Ja, Ja” izenekoa (IZ, 1989). 1990ean Les Mecaniciens pop taldea sortu zuen, modu horretara hiru lan kaleratu zituelarik: “Erabakia” (Elkar, 1990), “Ia Xoragarria” (Elkar, 1992) eta “Euskadi jende gutxi” (Esan Ozenki, 1993). Era berean, Joxe Ripiau taldearen partaide ere izan zen, bandaren sorreratik 1.996an, 2000. urtean desegin zen arte, Iñigo anaiarekin eta Sergio Ordoñezekin batera. Gerora, Asier Ituarte batu zitzaien. Honako diskoak kaleratu zituen Joxe Ripiauk: “Positive Bomb” (Esan Ozenki, 1996), “Karpe Diem” (Esan Ozenki, 1997), “Paradisu Zinema” (Esan ozenki, 1998) eta “Bizitza triste eta ederra” (Esan ozenki, 2000). Kantautore gisa 94an hasi zen lanean, orain arte honako diskook kaleratu dituelarik: “Boza barruan” (Elkar, 1994), “Kitarra bat nintzen” (Elkar, 1996) “Aise” (Elkar, 1997) “Fiordoan” (E. Ozenki, 1999), “Hain guapa zaude” (Metak, 2001) “Enegarren postala” (Resistencia, 2003), “Liverpool-Gernika” (Hirusta Records, 2004), “Abenduak 29″ (Resistencia, 2005), “Konplizeak” (Elkar, 2007) “Taxirik ez” (Resistencia, 2009), "Bikote bat" (Resistencia, 2011), "Beste Hogei" (Resistencia 2013), "Tonetti anaiak" (Resistencia, 2015), "Leiho bat zabalik" (Mara-mara diskak 2017) eta "Geltokiak izarretara" (Mara-mara diskak 2.019). Testuei dagokienez, Muguruzarenak berarenak dira haietako zenbait, eta, gainerakoak, Iñaki Irazu, Bernardo Atxaga, J. Luis Padron, Harkaitz Cano, Inazio Mujika, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Angel Erro, Joseba Sarrionandia, Iban Zaldua, Xabier Leterenak… Hainbat disko-liburu eta obra kolektibotan parte hartu du, hala nola: “Nueva Etiopia”, Bernardo Atxagaren obraren inguruan, “Cantame mis canciones”, Jackson Browneren omenez, “Ehungarrenean hamaika”, Lauaxetaren testuetan oinarriturik, “Está en nuestras manos”, Amnesty Internationalen ekimena, “Itsasoan urak handi dire” Julen Lekuona zenaren omenez, “Euskadi Galiziarekin”, “Hau da ene ondasun guztia” Joseba Sarrionandiaren obraren inguruan, “Acordes con Leonard Cohen”, Leonard Cohenen omenez, “La mano que mece la luna”, “Bidean aurkitu zintudan”, Mikel Errazkin zenaren omenez, “Mundo Café”, “Plaza 2001-2003″, “Catorze poemes, catorze cançons” Maria-Mercè Marçal zenaren omenez… Jabier Muguruzak, Euskal Herritik kanpoko zirkuitoa ireki eta zabaltzea lortu du. Espainiar estatuan presentzia sendoa izateaz gain (Katalunian, bereziki), lan egin du Frantzian, Estatu Batuetan, Alemanian, Marokon, Erresuma Batuan, Brasilen, Polonian, Italian, Japonen… Musika-aldizkari ezberdinek maiz aukeratu dituzte Jabierren diskoak urteko onenen artean, estatu mailan. “Aise”, konkretuki, 90. hamarkadako disko onenetan azaldu zen, Rockdelux-eko kritikariek egindako zerrendan. “Hain Guapa Zaude”, euskal diskorik hoberena izendatu zuen "Academia de las Ciencias y Artes de la Musica" delakoak, 2002ko Musikaren Sarietan. Sari bera jaso zuen Academiaren eskutik 2006an eta 2008an. 2001. urtean, Cova del Drac jazz-club mitikoaren berrirekitzearen kariaz, hainbat kontzertu ematera gonbidatu zuten Muguruza. Beste gonbidatua, Charlie Watts izan zen. 2002an artean, “Ba al daki norbaitek, benetan, zer ordu den?” izeneko sortze-lana eskaini zuen Donostiako Kursaalean, Plaza jaialdiaren barruan. Bertan, musika, testua eta bideoa uztarturik azaltzen ziren. Jabier Muguruza Liverpoolera joan zen 2004an, Paul McCartneyk sorturiko L.I.P.A eskolak (Liverpool Institute for Performing Arts) gonbidatuta. Han, ikasle saiatuenek osaturiko taldearekin aritu zen irakasle, euskal kantariaren errepertorioa prestatzen. Ondoren, bira bati eta disko bat grabatzeari ekin zioten. 2006an, Grec Bartzelonako jaialdiaren irekitze kontzertua protagonizatu zuen, Javier Ruibal eta Quico Pi de la Serrarekin batera. Sinead O´Connor, John Mayall, Mélissa Laveaux, Joe Henry eta Jabier Muguruza izan ziren “Arrecife de las Músicas” jaialdiaren 2010. urteko edizioaren kartel-buru. Urte berean, “En persona” zikloko bigarren ediziora gonbidatu zuten, Santiago Auseronekin batera. Literatur lanari dagokionez, 90. hamarkadaren hasieran Emak Bakia literatur klubeko sortzaile izan zen, beste hainbat idazle eta musikarirekin batera: Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Jose Mari Iturralde, Maria Garikano eta Iñaki Irazu, besteak beste. Klubak Garziarena fanzinea eta liburu sorta argitaratu zituen. Ordudanik Erein argitaletxean haur literaturako zazpi liburu publikatu ditu Muguruzak: “Sei lagun, sei sekretu” (1.994) “Gabon Guanito” (1.995) “Sebas leihotik begira” (2.001) “Zubi misteriotsuan” (2.001) “Asteburu bat tren zaharrean” (2.004) “Amapola oporretan” (2006) eta “Jon eta zaldiak” (2009); baita helduentzako beste hiru ere: “Bizitza pusketak” (1.996) “Laura kanpoan da” (1.999) eta "Hilen logika ezkutua" (2.014). Modu berean, azken urteotan artikulu andana idatzi ditu hainbat komunikabidetan. 97an “Itzultzaile bat Parisen” eta “Groenlandiako lezioa”, errezitaldi musiko-literarioak ematen ibili zen, herriz herri, Bernardo Atxagarekin batera. 2001eko Frankfurteko liburu azokan izan ziren, Euskal Editoreen Elkarteak gonbidaturik. Gerora, "Paradisua eta katuak" ematen ibili ziren bi egileak, obra hura DVD-liburuan ere argitaratu zelarik. Beste hainbat idazlerekin ere aritu izan da zuzenean: Patxi Zubizarreta, Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Gerardo Markuleta, Rikardo Arregi... 2005ean antzerkirako musika konposatzen hasi zen, obra desberdinetarako: “Groau”, “Zeta”, “Sommer Jaunaren istorioa”... eta “Aitarekin bidaian” obraren kasuan, musika egiteaz gain, zuzenean ere aritu zen, Jose Ramon Soroiz eta Joseba Apaolazarekin batera. Urte berean, “Mara-mara diskak” izeneko haur-disketxea jarri zuen martxan, orain arte bertan lau lan argitaratu dituelarik: "Nire gorputza", Juan Kruz Igerabideren hitzekin, "Harriaren hiztegia", Bernardo Atxagarenekin, "Oker (txakurra da)" Iñaki Irazuren letrekin eta "Dodoa" Iñigo Astizen hitzekin. https://www.maramaradiskak.com/ 2008an, Fira de la Música de Vila-Secako saria eman zioten, Angel Unzu eta Mireia Otzerinjauregirekin batera emandako kontzertuagatik. 2014an, Barnasants jaialdiko kontzertu onenaren saria eman zioten, Mikel Azpirozekin batera emandako saioagatik. 2016an, MIN saria jaso zuen, aurreko urtean argitaraturiko euskal diskorik onenari. |