Jabier Muguruza Webgunea
Sarrera Kontzertuak Berriak Biografia Diskografia Liburuak Prentsa Argazkiak                     Castellano

Konplizeak Hitzak

1. dena bukatzean
(Xabier Lete) Dena bukatzean
eta iragana filma zahar bat xuri-beltza
maitasun hunkigarri bat
kontatzen diguna
itxoingo dizut metroaren geltokian
Humphrey Bogart izango naiz zuretzat.

Ostiral gauean
besotik hartuko nauzu berriz ere
ahazturiko keinu zehatz
dakizunarekin
desioa hitzik gabeko deiadar
hiru ganster gure atzetik kalean.

Ihes irritsuan
zure etxera helduko gara
whisky bat edanen dugu
jantzita oraindik
eta tiroak entzun baino lehenago
Janis Joplin hasiko da kantatzen.

Oihu egitean
eta ibaia itsasora ixurtzean
ironiazko hitz batzuk
esango dituzu
leihotik begiratuko dut orduan
“zahartzen ari naiz” erantzungo dizut.

Berriz oroitzean
ez da garraztasunik izango
aspaldiko denboraren
erretratuetan
gure ileak xuriago behar bada
kanpoan elurra hasten duenean.

2. liskar suharra
(Inazio Mujika)

Autobidera irten nintzen unean
atzetik sentitu nuen talka.
abistuan zetorren eta nik ez nuen ikusi.

Nire aulki odolez zikindutik altxatu nintzen
eta hala eraso zidan gidariarengana
jo nuen zuzenean.
Liskar suharrean aritu ginen
hitz potoloak jaurti elkarri.

Nire erruaren zatia aitortu nion
ez begiratzeagatik, baina ezin zitekeela
abistu horretan ibili, esan nion.

Elkar jotzera ere iritsiko ginen
gidariak esan ez balit halako batean
-baina gu ez al gaude ba hilda?
Behera begiratu,
eta bi auto ikusi nituen
txirtxilaturik, gidari bana zeukaten
burua ezker aldera okerturik
era oso bitxi batean.

3. ertz maitea
(Iñaki Irazu)

Zure ahotsaren
ertzean bizi naiz
eta beti nagokio
diozunari adi,
ekartzen didazun
zaharraren berriari.

Eta urruntzen banaiz
ertzari alde eginez
moteldu egiten zait
gauzen argia,
ez dakit zer egin
isiltasunarekin.

Ertz maitearen
minez jarririk,
nola edo hala
urratsak didala
zure bidearen
norantza hartzen.

4. norbere akaberari buruzko mintzaldia
(Joseba Sarrionaindía)

Egia al da heriotzaren lumak lurreratuko nauenean ere.
Bizitzak berdintsu iraunen duela munduan?
Ni hilda biharamonean eguzkiak argituko du oraindik?
Eta trena ohi bezala geldituko da bost minutuz geltokian?
Eta itsas bazter honetan hausten diren olatuak.
Etenik gabe helduko dira bazterrean desegitera?
Eta ene izterreraino inguratu den karramarroa bihar.
Beste inorengana ailegatuko da zangozabal eta haztamuka.

Eta ez dut enekin eramanen ez eguzkia ez trena ez karramarroa.
Neu bakarrik eroriko naiz zulora.
Eta mundua orohar ez da ene hutsuneaz ohartuko.
Ortzean zehar iragan basahatearen hutsuneaz baino gehiago.
Eta ni ez naiz harrezkero enea izanen.
Ez ote dut esango orduan, umetan bezala, ez dut nahi?

5. irene
(Leire Bilbao)

Arropa bustiarekin batera
soketan eskegi da ilunabarra.
Irenek bere bizitzaz hitz egiten du
dagoeneko gertatua balego bezala.
Betseinetan beldurra antzematen zaio.

Ireneri ez dio min egiten inoren minak.
Poltsa beteekin bueltatzen da etxera.
Bi sagar eta kafea.

Goizari mudak aldatzean
leku seguruan gordeko du atsekabea,
kafea erreko zaio kale nekatuei begira.
Kazkabarra legez erortzen diren orduetan
arrangurak ez dio lekurik kentzen.

Ireneri ez dio min egiten…

Telebistarekin igarotzen dituen
arratsaldeetan arnasten du
inoren nahigabeak ere ez duela asetzen,
badela dagoeneko bizitzaz, bera bezala,
gertatua balitz bezala ari den jendea.

6. antxillesko arkupean
(Jabier Muguruza)

Eta hantxe nengoen ni
bakarrik, Antxillesko arkupean
aita gogora ekartzen
baita egun horretan ere
guztietan bezalaxe
hil zenetik, hain
bat batean, hain
latza izan zelarik guretzat,
ezustean izateagatik
eta hainbeste
maitatzeagatik
eta hainbeste
maitatzeagatik.

Eta trinketean gogoratzen nuen
pilotan, elkarrekin
eginak genituen
hogeita lau urte haietako
edozein egunetan
kantxan oldartzen,
berak zekien latzean. Ondoren
dutxan xaboia ematen
mugimendu delikatuan
indarra eta samurtasunaren
osatze harrigarri hura,
indarra eta samurtasunaren
osatze harrigarri hura.

Orduan, oroimenaren baitan
osorik sartua nintzela
berarekin bat egiten saiatu nintzen
artean aipatu gabe nizkion
kontu batzuk esaten: lehendabizi,
zenbat gogoratzen naizen berarekin
zein gaitza zaidan
haren hutsa, utzi gintuenetik,
baina bera, joanda bezala zegoen
egiazki urrun, beste nonbait
eta bapatean negarrari eman nion
baina aspaldi egiten ez nuen bezala,
ume abandonatuak egiten duen eran.

7. berritzea, horixe
(Iñaki Irazu)

Goizean ez nauzu
ausart izan
jertsey zaharra jaztera
eta kalean hotzak
ibili naiz
batetik bestera
berri bat erostera
denda batean
sartu naizen arte.

Arrats aldean
etxera itzultzean
aspaldiko partez
begia niregana
argitu zaizunean
harekin jantzita
ikusi nauzunean
asmatu dudana
jakin izan dut:

Zure aurrean
nola edo hala
berri egitea,
horixe bainuen
nik bilatzen.

8. de vita beata

Bai egun ona atzoko eguna.
Berandu jaiki, dutxa hartu nuen
leiho irekiaz kezkatu gabe,
ene gorputz gazte, bortxaz ederra
antzinako sentitu, xaboipean.

Nire zereginetara joan nintzen,
hilda itzuli. Sofan eratzanik
Iñigoren diskoren bat aditu
eta jaitsi nintzen hauekin zerbait
hartzera Parralean.
Zenbat barre munduaren lepotik.

Afaldu aurretik zenbait poema
zahar atondu. Eskutitz luzea
alferrikakoa idatzi.
Zoriontsua naizela sinetsi dut
oheratzerakoan.
Eta akaso izan nintzen.
Baina hori atzo izan zen
eta gaur ez daukat konprobatzerik.

9. no quedan tantas tardes
(Covadonga de Silva)

No quedan tantas tardes como ésta
en la que me acompaño ferozmente,
la soledad , que es para otros angustia,
para mí no es más que otra forma de verme.

Yo sé que no se entiende fácilmente
esta costumbre de apartarme tanto,
no sólo me interesan las personas
también hay otras cosas en el mundo;
sus posos en los libros y canciones,
beberlos poco a poco,
se vuelve ancha la vida de esta forma.
Seguir con la mirada
la pista de la luz que cruza la ventana,
las sombras que se crean en la casa.
Los ruidos que construyen un momento,
el frío que se esconde entre mis dedos,
y antes se había escondido entre azulejos.

“No quedan muchas tardes como ésta”,
me advierten mis amigas,
“pronto despertarás de tu embarazo.”

No entienden que ya desde que era niña
yo hablaba con las tardes de esta forma
dejando que mis padres fueran ellos,
dejando que dejaran que yo fuera.

10. bake hotsak
(Iñaki Irazu)

Bake hotsean
ari zara
harrikoa ere
egin gabe
duzun bitartean.