Jabier Muguruza Webgunea
Sarrera Kontzertuak Berriak Biografia Diskografia Liburuak Prentsa Argazkiak                     Castellano

Enegarren postala Hitzak

1. CCCLXII
(Ibon Sarasola, Jabier Muguruza)

Arrunkerien kontra jardun ondoren
lapitza hartu dut. Hitz
bakan batzuk aurreratu ditut
paper batean
“ere ez”
“zergatik”
“hau eta hura”
“ez”
“eta gero ere”
idatzi dut.
Sentidurik ez duten hitzak
paroles sans suite
idatzi ditut. Jeiki
egin naiz. Besoak
mugitu ditut, jestikulatu
egin dut.
Gero adiskide
bati telefonoz deitu
diot
eta lasai gelditu naiz.

2. LOAK HARTUTAKO TXORI BAT IZAN NAHI NUKE
(Jose Luis Padron, Jabier Muguruza)

Loak hartutako txori bat izan nahi nuke,
basoan edo zelai lasai batean;
eta haizearen norabide berberan joan aurrera,
gero eta libreago, gero eta urrutiago.
Baina ez dut baso edo zelai lasairik aurkitzen,
eta hegada bakoitzeko, nahiz eta erori ez,
dudatan jartzen ditut nire ametsak.
Eta gero eta iluntzenago ari da,
eta begiak alferrik nekarazten segitzen dut,
eta haizeak, lagundu partez, aurka jartzen zait.

3. PETITA FESTA
(Marià Manent, Toti Soler)

Prenc un flascó de vi
i entre les flors bevia.
Som tres: la lluna, jo
i l’ombra que em seguia.
No sap beure, per sort,
la lluna, bona amiga,
i a la meva ombra mai
la set no l’angunia.
Quan canto, veus ací
la lluna que s’ho mira;
quan em poso a dansar,
l’ombra em fa companya.
Quan s’acaba el festí,
els convidats no em fugem:
veus ací una tristor
que mai no l’he tinguda.
Si me’n torno al casal,
em segueix l’ombra muda,
i una mica més lluny
m’acompanya la lluna.

4. TIRO BAKAR BATEZ BI TXORI
(Inazio Mujika Iraola, Jabier Muguruza)

Ederra izango litzateke, ez ukatu niri,
militar guztiak zezen-plazetan sartzea
eta handik irteten ez uztea.
Gozamen itzela, hi,
borrokan ikustea
zintzoak besteen aurka,
txulialeku batetik bestera garrasika,
eta alderantziz,
batzuek besteei ikaragarrikeriak esaten
elkarren barrabil gurinak konparatzen.

Zama bat gainetik kentzea bezala, adiskide.

Eta aitortzen dut pozik guardia egingo nukeela
plaza haietako baten ate aitzinean,
Iruñean, esaterako
-okerragoetan ibiliak gara, laguna-.

Eta aitortzen dut pozik hornituko nituzkeela
Dick whiskyaz, barrutik berri bila
aterako liratekeenak oro.
Eta bizkarra ukitzen utziko nieke,
haien lerde jarioa pozik eramanen,
esaten didatelarik:
“Horrela gustatzen zait, mutiko
saiatua izan zaitezen”.

5. ENEGARREN POSTALA, FILMETAN BEZALA
(Gerardo Markuleta, Jabier Muguruza)

Litezkeen erantzun guztien artean
aterpe barik hartzen nauen bakar hura
hautatu dun, maitte: isiltasuna.

Gogoz jarrairiko zoriona opa dinat
eguneroko gura, lan ta nekealdiz
gozatutako mende laurden berria.

Biguna izan bedi gurekin denbora,
samurraren aldeko azken gudariok;
biguna, halaber, hire edertasunaz.

Ta jar diezazkigun bidean sarritan
elkar ikusteko parada eder, samur,
anbiguo samarrak, filmetan bezala.

6. NIRE PSIKOANALISTA
(Iñaki Irazu, Jabier Muguruza)

Gaurkoa ez da izan egun ona, inondik ere
nire psikoanalistak buruaz beste egin du,
haren emazteak hotsegin dit esateko
“baina, nola egin ahal izan dit hori niri!…
ez diot gero inoiz ere barkatzerik izango!”
ordubetez edo entzuten egon natzaio
horixe behar baitzuen, inorekin askatu
esan diot ez zuela errudun sentitu behar
bizitzak halakoak ekartzen zituela eta
gizonak ezin ziolako zoriona eman
hartua zukeela erabaki tamalgarria
erditik kenduz, bera libre gera zedin
halaxe bizitza berri bati ekin ziezaion
inolako trabarik gabe berriro has zedin.
Labur, zion maitasunagatik egina zuela.
Argi asko zegoela, ikusi nahi zuenarentzat.
Eta azkenean lasaiago geratu da eta
ene hitzak oso baliagarriak izan zaizkiola
aitortu ere aitortu dit, eskerrak emanez
bihotz bihotzez, hurrengo baterako geratuz.

Izan ere, dena merezi dute buruaz beste
egiten duten psikoanalisten emazte gaisoek.

Ni ere, nekeak jota baina pozik gelditu naiz.
Psikoanalistari esker zentzu bat izan du
nire gaurko egunak. Ez naiz alferrik bizi
eta bestalde, nor bizi ote da zorion betean?
nork ote du dena bere bizitzan?… Denek ere
izango dute, bada, zer edo zer, ez dakit
gabeziaren bat, damuren bat isil-gordean…
baina hainbeste hitzegin da hitzegin,
azkenean burua joan zait, “harritzekoa!”
esango zukean ene ama zenak, gaisoa
aspaldi joan zen hemendik beste mundura
hau burua! hau burua! ahantzi egin zait
psikoanalista berri bat bilatu behar dudala
eta berarekin laugarrena ere egingo du
aurten aldatzen dudala psikoanalistekin…

7. HAN DENA ERRAZAGOA DA BETI
(Jon Benito, Txema Garcés)

Zerbait hautsi zaigu
Eta ez dakigu zer
Baina zerbait hautsi zaigu

Badakit hori
Bestelako hitzak dituzulako
Bestelako begiak
Eta behar ez den hizkuntza

Badakit zuk desiratutako guzia ezin eman dizudala
Zerbait hautsi zaigu
Ez dakigu zer baina
Zerbait hautsi zaigu

Ez dakigu non
Ez dakigu zer baina
Zerbait hautsi zaigu

Badakit zer eskatu ahal dizudan
Badakit zer geratu den gugandik
Bide berriei elkarrekin ekiteko.

8. EZAGUTZEN AL DUZU NEGUA?
(Joseba Sarrionandia, Jabier Muguruza

Elurra ari zen erortzen lurra estaliz
elurra elurra estaliz
eta elurtzan barrena irten nuen
baserritik drazz drazz drazz
horrela galdu nintzen elurtzan
drazz drazz
drazz jarraitu nuen
eta itzulera biderik gabe dena
elurra bezain hotza
eta isila egin zitzaidan eta
bildurtu nintzen
eta iluntzea zen eta mara mara
iraun zuen
elurrak
lodia ugaria gupida gabea
drazz drazz drazz
eta bapatean elur pilo bat erori
zitzaidan aurpegira
bi belek astinduriko arramatik
ozta ozta zutitu nintzen
eta ordura arte enea izandako guzia
ez zen harrezkero enea
ez futboleko baloia ez aittittek egin
egurrezko ezpata
ez eguzkia
dena elurra bezain zuria eta esanahirik
gabea egin zitzaidan.
Amamak aurkitu
etxera eraman eta erropa bustiak
eranzteko
sutondoan biluzik jarri ninduenean
toailaz lehortzen ninduela
elurmina hitza aipatu zuen
han epelean
eta nik
elurmina errepikatu nuen birritan
edo hiru bider
(egun hartan negar egin nuen
eta ez zen beste ezer gertatu)

9. PLAZER BAT DA
(Iñaki Irazu, Karlos Gimenez)

Plazer bat da
zurekin gosaltzea
isil-isilik
periodikoa letzen
eta noiz-behinka
soa jasota
zu ikustea
hortxe, aldamenean
zure itzalaren
bakea izatea

Plazer bat da
igandeetan adibidez
auzo honetan
isiltasuna etsia
izaten denean,
gogoa aske
egitekorik gabe
orduak aurrera
joan doazela
lepoko gabeko
zakurra bezala

Plazer bat da
ondo lo eginda
zure betartea
garbi berri
aurrean izatea
uretatik ageri
den irudi,
igandeetan adibidez
gosari zeretan
noizbehinkako
hitz barea
elkarri egitea

Gogoko dut
kafearen beltza
eta usaina
sukalde barrena
dena hartzen
igandeetan batez ere
zigarroaren kea
bere eskerra
lasaian hartzea
ogiaren beroa
eta balioa,
dohainik dohain
begia arintzea