Jabier Muguruza Webgunea
Sarrera Kontzertuak Berriak Biografia Diskografia Liburuak Prentsa Argazkiak                     Castellano

Boza barruan Hitzak


1. MAZISI OKEITA DENBELEK

Mazisi Okeita Denbelek
Bilboko kafetegian
kafe kikara eskuetan hartu eta
ezpainetara darama pentsakor.

Zer ari ote da pentsatzen
Mazisi Okeita Denbele
kafetegi honetan, urrun
etxetik hain urrun, Bilbaon.

Afrikatik etorritako
gizon honi begiratzen diot
mostradore-atzeko ispiluan
kafea hartzen ari da pentsakor.

Ispilu aurrean dauden
bi koinak botilen artean
justu hortxe ikusten ditut
gizon honen begiak, pentsakor.

Afrikaldeko bere herrian
ari ote da pentsatzen?
hango andre batengan?
hango lehorteaz? hango gerraz?

Lingo lingo Mboka te
Lingo lingo Mondele te
Lingo lingo Moginolo te
Tina Tokabuana Ngo Salo
Noko Mama Tina Toyinama.

Hitzak: Bernardo Atxaga.
Musika: Jabier Muguruza.

2. BOZA BARRUAN

“Itzuliko naiz itzuliko naiz”
erran zion mutikoari
mutiko hori orain
leihotik begira da beti
haruntza begira zain.

“Mutiko, egon zaitez lasai
itzuliko naiz eta”
hodeiak dira goitik
antzarrak iragaiten dira
hego aldera hemendik.

Antzarrak joan ziren
ez dira itzuli aspaldian
inor gutxi da kalean
mendiko gizona ez bada
jeisten denean.

Mutikoa hazi da
etxe hutsean da
gizon bat leihotik begira
haruntza begira zain
mendi aldera beti.

Herrian bakarrik da
inor ez kale bustietan
mutuan boza barruan
musker batek dio begiratzen
mendira egitean.

Hitzak: Iñaki Irazu.
Musika: Jabier Muguruza.

3. LAGUNAK BEZALA

Lagunak bezala erran zenidan
nik erantzun nizun: ondo.
Kafera gonbidatu zintudan
lagunak bezala.
Irrifartsu eta elkarri begira
pentsatu nuen: ze ondo.
Afaltzeko ere geratu ginen
lagunak bezala.

Larunbatean lagunak bezala
nik erantzun nizun: ondo.
Gaua aurrera zihoan eta ez zegoen
batere presarik.
Dantzan egin genuen lotu-lotuan
eta geldi-geldian.
Zure burua ene lepoan
zoriontsuak ginen.

Baina goizeko bostak aldean
erran zenidan adio,
ikusiko gara, ikusiko gara
lagunak bezala.
Zure kotxean kale bakartian
urruntzen ikustean
hutsunea sentitu nuen barruan
bakarrik gelditzean.

Hitzak eta musika: Jabier Muguruza.

4. MARÍA

Musika: Roberto Yaben.

5. ASMAKIZUNA

1
Etxean eta bakarrik uzten dudan bakoitzean,
berak, bi urteko umearen buruaz,
paseatzera noala pentsatzen du,
eta baita borroka egitera ere,
adibidez parkera,
adibidez ahate harroekin
zalapartaka iturri ingurutan.
Baina halere inork ez luke esango
juzku txarrerako joera duenik,
berak ez baitaki ezer,
esate baterako lanaz
esate baterako medikuetara,
buruko minez dabilelako edo,
joan beharra daukanaren kezketaz.

2
Ez dio heriotzari batere beldurrik,
ez da arduratzen bonba edo poliziez,
ez da larritzen, are eta gutxiago, nonbait
adibidez Espainian
adibidez hogeigarren mende bukaeran,
isiltasunez inguratuta dauden
esterminiozko gartzelak direla eta.
Baina halere, inork ez luke esango,
bihotz gihartsukoa denik
dardar batean jartzen baitute
esate baterako petardoek
esate baterako gazte batzuk
gorriz pintatutako porteriarantz edo
bere gainetik bidaltzen dituzten baloiek.

3
Eta jan, lehertu arte jango luke,
haragia, gazta eta berriro haragia
bere plateratik edo nire eskutik
eta baita zabor poltsetatik ere
adibidez Bilbon,
adibidez eskale batekin lehian
hortzak patata azal artean sartuz.
Baina halere, inork ez luke esango
jatun baldarra denik
instantera galtzen baitu gogoa
esate baterako zapuzten denean
esate baterako norbaitek hitz txar bat
inolako arrazoirik gabe edo,
oihuka esaten dion bakoitzean.

4
Duela gutxi zahartu egin zen
goizetik gauera, bapatean,
eta galdu egin zuen bizitasuna
eta baita estimazioa ere
adibidez eder zaleena
adibidez aurreko garaietan,
eskaileretan aurkitzen zutenean edo,
agur egiten zioten auzoena.
Baina halere, inork ez luke esango
munduak erabat ahaztu duenik,
ni akordatu egiten bainaiz berarekin
esate baterako gau batzuetan
esate baterako autopistatik noala
eta gogoratu beste batzuk, jakintsuagoak edo
beren semealabekin gogoratzen diren bezala.

Hitzak: Bernardo Atxaga.
Musika: Jabier Muguruza.

6. BI MALETA BELTZ LAGUN

Zure kotxean lanera zoazela
bi beltz auto-stopean ikusita
bi aukera dira zure baitan:
bertan utzi edo beraiekin segi.

Bigarrena aukeratzekotan, lasai
ez zaitez kezkatu, arrenka,
inolako paperik gabe
muga pasatzeko eskatzen badizute.

Borondate onean baina ikaratuta
ez dela posible esan baduzu
irtenbidea laster dizute bilatu
maleteroan prestu direla joango.

Zalantzak jota baina harro
azkenean amore eman duzu
¡Buenas, Bonjour! mugarena egin duzu
gordean bi maleta beltz lagun.

Agur, agur, zoazte ondo
ene zaku beltzak
agian beste batean
zuen izena jakinen dut.

Hitzak eta musika: Jabier Muguruza.

7. URRUTI ENE LAGUNAK

Ene lagunak
urruti dira
batzutan triste nabil
euriarekin gogoratzen naiz haiekin.

Aspaldi
ez ditut ikusi
ez didate idazten
ez dakit nitaz ote diren gogoratzen.

Batzutan
gogoratzen zaizkit
aspaldiko kontuak
inor ez ordea ondoan askatzeko.

Hain duk urria
mundua hemen
taberna eta kale
jakin batzuetara zaik mugatzen.

Gogoratu arren
ez naiz min
hemen geratuko naiz
hemen bai ene euriarekin.

Hitzak: Iñaki Irazu.
Musika: Jabier Muguruza.

8. KORTESIA LEZIOA

Jakin badakit
egokia ez naizela
ikasten ari naiz
lezioa ordea.

Tunante hori
portatu hadi,
hitzegitean neskari
ez begiratu hankari.
Otorduetan mahaian
ukondorik ez jarri
eta platera sekulan
ez utzi zuri.
Poliziaren aurrean
txintxo egin
edanzale badira
etiketaz hitzegin.
Politikorik bada
hire lagunetan
Aitorren semea
haizela esan.

Bakoitzari berea
da zuzenbidea
dagokion dohaina
emaiozu ordaina.
Zor diozunari
pazientzia aipatu,
hartzekodun bazina
hitzaren garrantzia.
Burua bota
nahi duenari
bakarra duena
gogora ekarri.
Eta inoiz astuna
egokitu ezkero
etxera goiz
biltzeko komenientzia.

Hitzak: Iñaki Irazu.
Musika: Jabier Muguruza.

9. LORE EGUNA

Musika: Jabier Muguruza.

10. HI BEZALA, HIK EZ BEZALA

Hi bezala, Duke, ni ere
txoratu egin ninduan
bere gorputz hura zela-eta
baina nik, hik ez bezala,
errestaurante garestietara
eramaten nian, edo zinera
edo teatro saio bitxietara

Hi bezala, Duke, ni ere
txoratu egin ninduan
bere gorputz hura zela-eta
baina nik, hik ez bezala,
nire patrika ondo hustu
eta soinekoak edo pitxiak
erosten nizkiokean

Hi bezala, Duke, ni ere
txoratu egin ninduan
bere gorputz hura zela-eta
baina nik, hik ez bezala,
bizirik jarraitu nian,
ez nian neure burua urkatu
berak mingain more bat ikus zezan.

Hitzak: Irving Layton.
Musika: Jabier Muguruza.

11. ZURE ZAI

Musika: Txema Garcés