Jabier Muguruza Webgunea
Sarrera Kontzertuak Berriak Biografia Diskografia Liburuak Prentsa Argazkiak                     Castellano
  • Diskografia

Beste Hogei Hitzak

Aztera Egin

Beldurrak
(Iñaki Irazu)

Beldurrak zara
gauean iratzarri
zure etxeko
logela ilunean
zeren ote den
jakin gabe...

Eta harritu ere
egin zara
aspaldi atzean
utzia zenuen
sentimen hori
zugan bilatzean

Ze barregarria
hola ibiltzea
zure urteetan
sinesteak ere 
lanak ditu
zeure izanean

Baina beldurrak
beldur iraun
eta azkenean
geldi-geldi,
uzkur eginda
bil zara ohean

Galde eginez
har zaitzan
zure loari
galde eginez
hel dadin
egun(aren) berriari


Errua nirea da
(José Luis Padrón)


Bai, badakit, eta damu naiz,
nire aukeren gainetik jan ditut egunak.
Egutegian sartzen diren orduak baino gehiago
erre ditut.
Nire aukeren gainetik edan ditut gauak.
Itsasoan sartzen den euria baino gehiago
isuri dut.

Onartzen dut:
damu naiz hainbeste bizi izanaz.
Onartzen dut:
damu naiz hainbeste bizi izanaz.

Bai, badakit, eta damu naiz,
nire aukeren gainetik egin ditut galderak.
Ilunean sartzen den argia baino gehiago
agortu dut.
Nire aukeren gainetik lotu ditut ametsak.
Begiradan sartzen den poza baino gehiago
gastatu dut.

Onartzen dut...

Jakin badakit, eta damu naiz,
nire aukeren gainetik maitatu dut.
Infinituan sartzen den gogoa baino gehiago
jarri dut.
Nire aukeren gainetik ireki dut bihotza.
Munduan sartzen den mina baino gehiago
hartu dut.

Onartzen dut...


Ororekin bakean
(Xabier Lete)

Badakit udazkeneko arratsalde batean
igoko naizela
hiria gurutzatzen duen autobusera
eta eramango nauela
denbora galdu batean
madreselbek usaitzen zuten auzo isilera.

Zihoan jendea jaisten joan baita
han, geltoki harrigarrietan,
eta urruneko tren baten geziak
abiadura ezarri baitio
karriketako gelditasunari.

Azkenerako bakarrik eta azken bidaiari
jaitsiko naiz ni ere hiriaren bazter batean,
eseriko naiz han nonbait
eguzki epelari bizitzaren nekea aitortuz
eta lokartuko naiz agian betirako
azken unean bakean neronekin
ororekin bakean.


"Irasagarrak"
(Iñaki Irazu)

Errepide zaharreko
kale kantoian
argia dago
betiko tabernan
herriko agureak
biltzen dira,
leporaino dago
ilun nabarrean

Hiru atso hiru
egoten dira
irri goxoan
mostradore atzean
hiru atso hiru
hiru ahizpa
eta pianoa jotzen
daki zaharrenak

Bat ez bada
beste batek
beteko duelarik
haren hutsunea
irriak ez baitu
atertu behar
inolaz ere
haien tabernan

Bakartsu dauden
herriko agureak
ilea urdin
burua soil
egunero hara
biltzen baitira
haien bihotz
goxoaren bila

Arno beltza
eskatzen dute
beraien irri
zuriaren alde
irasagarrak 
esaten diete
herriko jendeak
iseka gaiztoan


Yessica
(Lourdes Oñederra)

Autoa espaloi ondoan gelditu da
eta Yessica irten da lehenengo,
beltzaran, exotiko, polita, ez argalegia
ilea atzera bilduta, ezpain lodiak, galtza estuak
txamarra alaia beroa baino areago.
Karpeta bat ezkerreko besoan,
zorro beltz bat sorbaldatik zintzilik.

Ez du hitz egiten, ez du hitz egiten
ez du irribarre egiten.

Gizon bat atera da gero gidariaren aldetik
eta  autoa itxi du, urrutiratu ahala. Pip.
Yessicaren parera iritsi da, isilik 
Inguruan fabrikak eta pabiloiak
Horietako batera doaz biak,
Elkarren ondoan, gizona eta neska, 
“oficina” jartzen duen ate baterantz.

Ez du hitz egiten... 

Gizona zaharragoa, hirurogei-bat urte, 
hemengo gizon gehienen tankerako janzkera
adin horretako gizon gehienena.
Praka grisak. Esku biak sakeletan.
Ezkerrekoa eta eskuinekoa, biak.
Eskuinekoa: orain gutxi, Yessicaren belaunean 
egon den eskuineko esku hori bera.

Ez du hitz egiten...

Orain dela gutxi, zenbait minutuz,
minutu gehiegiz, neskarentzat gehiegiz,
hiritik ateratzen ari zirela, 
industrialde honetarantz zetozela
autoan biak, elkarren ondoan
gizona hizketan, Yessica isilik
gizonaren eskua neskaren belaunean

Ez du hitz egiten....

Ea zer esaten diguten fabrika honetan,
ea ordaintzen diguten behingoz, 
ez daude erraz gauzak hemen, badakizu.
A ze zortea zuk, gurean lanean -hatzak estuxeago
Yessicaren belaun-gain epelean-
Ez kezkatu baina, ondo moldatzen bagara: 
Nik beti beharko dut idazkariren bat 

Ez du hitz egiten...


Troppo Solo
(Bernardo Atxaga)

Berarekin gurutzatzen nintzen batzuetan,
gutxi gorabehera Dante eta Beatriz bezala
Florentzian, pinturaren arabera, zubi zaharrean,
eta pentsatzen nuen argaldu behar dut ¡Oh Dio!
galdu behar ditut hamabi edo hamahiru kilo,
eta jarri segail, lirain, perché sono innamorato,
eta neskek ez dutelako, grosso modo, bihotzik
baldin mutila bada ehun kilo baino gehiago.


Baina, porca miseria, dena dago hain goxo,
La pizza margherita, la lasagna, il vino,
Mamma mia! Bost hilabetean irabazi nituen
zazpi mila zazpiehun eta hogeita bost gramo,
guztira nago ehun eta hamasei kilo edo gehiago
eta agur esan behar maiteari, oh cara mia, addio!
bizitza berririk ez dut inoiz zurekin hasiko,
gauero bakarrik afalduko dut, solo, troppo solo.


Liburua ala kafea
(Harkaitz Cano)

Bi bider zenbatuta zortzi diren arren, 
patrikan lau sos, besterik ez. 
Puzzle txikitu bateko piezak (dirudite),
elkar hartzen ez duen zeru bat. 
Txanponok besterik izan ez, 
beharrizanak ase beharrez: 
liburua ala kafea, zer eros dezaket? 
Bigarren eskuko liburua hartu eskutan, 
zenbat jendek egin dion paper leunari laztan, 
baina tripatik gertuago urdailak eta neguko hotzak 
kafea nahiago. 

Izan ala ez izan, liburu zaharren peskizan: 
kafea ala liburua, zerk behar du gaur izan? 

Kafearen alderdi onak: euforia labur-laburra, 
ezpainetan goxotasuna, sabelean beroa gura. 
Liburuaren alderdi onak: bi bider bizitzearenak, 
bizitzaz pentsatzea baita literaturaren ardura. 

Izan ala ez izan, erabakia hartu dut zirt-zart: 
“Urtekoa izanagatik, atera (e)zazu ardo bat”. 


Abesti Arraroa
(Joxemari Iturralde)

Euria, kezka, atzo, lehenmina
Sei, amets, mahaia, erlojua
Betiko, gezurra, bat, ezer ez, ni.

Zu, gehiago, olioa, bihar
Ekaitza, haurra, giltza, bi
Atzetik, kajoi, atera, abestia.

Inoiz, elurra, hiru, hemen
Argazkia, zuhaitza, mina, rona
Negarra, berriro, orrazia, zu eta biok.