Jabier Muguruza Webgunea
Sarrera Kontzertuak Berriak Biografia Diskografia Liburuak Prentsa Argazkiak                     Castellano

Tonetti anaiak Hitzak

Aztera Egin

Kathrine Switzer
(Jabier Muguruza)
​
Mila bederatzirehun eta
hirurogeita zazpian
urtero bezala
maratoia Bostonen
eta lehen aldiz
emakume bat da
bertan saiatu:
Kathrine Switzer


Ondoren betikoa
gertatu da:
gizon batzuk
hasi zaizkio
bultzaka eragozten,
beste batzuk
berari laguntzen,
gainerakoak
geldi begiratzen
eta emakumerik
franko ere bada
eraso egiten

Erasoari emanak
andreak ez direla
hartarako gauza
diote, baina

Kathrine gihartsuak
kontrakoa frogatu:
oztopoak oztopo
helmugara iritsi

Handik gutxira
hirurogeita hamalauan
New Yorkekoa
irabaziko du:
kontrakoen argudioak
zorroztu arren
Kathrine berriak
helmugan azkartzen

Tonetti anaiak
(Jabier Muguruza)

Behin batean
Tonetti anaiak
ezagutu nituen,
aitaren lagunak 
omen ziren

Euren roulottean
izan ginen
gonbidaturik,
Oliver pailazoa
kantzontzilotan… hantxe!

Mutil koskorra
nintzen orduan
pozez zoratzen
ibili nintzen
haien ondoan
Urte gutxira
Oliver pailazoa
papera zuena 
hila zen… buruaz
beste eginda

Ta neu nintzen 
mutiko hura
harri eta zur
geratu zen
ulertu ezinik

Orain Alegriak
lasaitu nau asko
“Emak Bakia”
bere pelikula
horri eskerrak

Ikasi baitut
Clown bat ez dela
inoiz hiltzen:
Fellinik berak
horixe omen zioen

Eta halako
pisu arraro bat
kendu dut
gainetik: izan´e
Clown bat… Clown bat… 

Neu nintzen
mutiko hura
bere onera
etorri da,
hori ohartuta

Beti ondo daudenen gezurrak
(Harkaitz Cano)

Beti ondo gaudela, 
ez nahi adina... 
Barruan daukaguna
ez denez arina. 
Gezurra ez den arren
ez da egi oso: 
esango al diogu 
elkarri eroso?  

Egia kontu zaila,
erradiaktiboa,
superheroientzako 
ez da praktikoa... 
Gezurrak esateko
lehenengo baldintza: 
memori ona eta 
mozorrotu hitza.

“Egia zango luze,
gezurra hanka motz”
hala diote baina, 
ni ez nago ados: 
gezurti asko dabil 
hor barrena airos,
egia bazterrean 
odolusten aiztoz. 

Hitza arma zuria  
zurikerietan,
edota laban fina
bizkar samurretan.
Hitza baino gehiago 
maite dut ahotsa,
salatzen ditu dardar,
beldur eta lotsa. 

Hitzak sarri ez dira 
ezer esateko
baizik eta guztia
ezkutarazteko:
eskura zen egia
basoan gorde da,
eguzkia mendebal
gorrian bezala. 

Mutu irauten dugu 
ezer esan gabe,
argazki baterako 
biok ondo gaude. 
Bihar bueltan berriro 
“zer moduz?” galdezka:
barrua trumoitsua, 
begietan festa. 


Azaorak baditu gauza onak
(Iñaki Irazu)

azaroak baditu gauza onak
oso gauza onak
esango nuke, are:
   ekartzen duen hotza adibidez

nigana itten zaituna iluntzean
ohera itten dugunean
izaren artean, uzkur
beroaren bila, besarkada atxekiz:

zure epela ez bainuen lehen
hain samur bilatzen…
uda betearen aroan
beroak uxatu´re itten gintuen!

bide gorde isilak matte dittu
bihotzak, maite dun
harekin lotzeko: neguak ´e
halakoxeak opa dizkigu!


Egunkari puska bat
(Lourdes Oñederra)

Otsailaren zazpia, igandea.
Marta urrutitik ikusi dut
beste neska batekin.
Hizketan zihoazen.
Amak esan dit Ikerren gurasoak
banandu egingo direla.
Banekien, Ikerrek kontatu zidalako.
Iker gixaxoa, esan du amamak.

Eta ez dakiela zer gertatzen den orain
Lehen ere bazirela arazoak familietan.

Asteazkena, hilak hamar.
Gaur Martak “hola” esan dit,
“Hola, zer moduz?”, erantzun diot,
baina ordurako aldenduz zihoan.
Nik Ikerrekin segitu dut
eskolako irteerarantza.
Ikerrek ez du ia hitz egiten 
eta niri pena ematen dit.

Eta amamak ez daki zer gertatzen zaigun
ba omen ziren lehen arazoak familietan.
Astelehena, martxoak zazpi.
Gaur euri asko egin du 
eta ez dut Marta ikusi.
Gaixorik dagoela esan dute gelan.
Gripea izango du 
jende asko dago gripearekin.
Ikerrek pena ematen dit
baina ez diot berari esaten.

Eta amamak ez daki …

Martxoaren hamabosta, asteartea.
Amak amama medikura lagundu du.
Aita eta ama ez dira bananduko.
Gaur ere ez da etorri Marta eskolara
esan digute ez dela beste inoiz etorriko
urrutira joan dela bizitzera
bere aitari zerbait gertatu zaiolako
politikako zerbait, uste dut.

Eta amamak ez daki...


Ez da komeni exajeratzea
(Jabier Muguruza)

Elkarrizketa guzietan galdera bera:
gehien eragin zidan musika
zein izan nuen: sehaska kantak
erantzuten nien, sekula abestu
ez zizkidaten haiexek, alajaina!
                                                           
Baina aizue, aizue
ez da komeni exajeratzea

Loreak eder dira, baina azak ere
ez ote haiek bezain eder?
Hugue handiak zioenez, zoragarriak,
 Chef-d¨Oeubre del Grand Seigneur!
loreak eder dira bai, konforme,
                                                           
baina aizue...
         
Itxasotik urrun  ezingo nintzake bizi
erran zautan neska hark,
    hain samur, hain goxo, nik ezin ba
kontra egin! baina bizi 
edonon liteke, kostaldean akaso:

baina aizue...
                                                          
Lagunak izatea nire kasuan
handia da, dudik ere, dudik ere…
elkar zaindu, elkar maitatu
altxorra da dudik ere, dudik ere…
baina ez al da norbera lehena?
                                                           
aizue, gauzak
 ez dira onetik atera behar


Lurraren izenak
(Gerardo Markuleta)

Gu iristerako
mundua bada
izen bitxiz betea:
Olaa, Triana,
Mojasoro, Udana.

Lurraren izenak
zubiak dira,
denboraren uberak.
Zañartu, Ubao,
Olapoto, Berezao.

Ez gara lehenak
hemen hauetan
berbetan ibiliak.
Osinurdin, Garai,
Ahuntzerreka, Garibai.
Gizaki musika
hartu du lurrak,
lur hotsa gizakiak.
Murguzur, Koroso,
Jaumendi, Torreauzo.

Lurrari loturik
leku izenak,
gu bagoaz igaro.
Duru, Mirubizkar,
Zubillaga, Goribar.