Jabier Muguruza Webgunea
Sarrera Kontzertuak Berriak Biografia Diskografia Liburuak Prentsa Argazkiak                     Castellano

Kitarra bat nintzen Hitzak


1. LEIHATILATIK

Porlan kamioiak badira,
ardatzaren bueltan jiraka,
ontzi piratak bailiran,
barne mugak zeharkatzen,
nire auto aurretik.
Badira ibai hotzak eta mendi elurtuak,
zuhaitz biluziak eta aziendak larrean.
Badira, batez ere, gizonak
eta emakumeak, ez ni ezagutu
ez nik ezagutzen ditudanak.
Trenak ere badira
beilan aberrigabe pasatzen;
lanbro finaren erromes,
hezetasuna garraio
xede jakinik ez.
Ez aberririk dago, ez banderarik ere,
ez bada izarrekiko gizonen
mintzamolde zikin
koartelekoan.

Hitzak: Inazio Mujika Iraola.
Musika: Jabier Muguruza.

2. LEPO BELTZEAN

Xamur-xamurra
saxoaren hotsa
gaueko isilean
bihotzaren lagun
Bufanda leuna
balitz bezala
gauaren lepoan
saxoaren hotsa.
Bihotzaren boza
zara zu
gau isilaren
lepo beltzean.

Hitzak: Iñaki Irazu.
Musika: Jabier Muguruza.

3. TRIKUARENA

Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan,
eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora;
gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz.
Eta gero pentsatzen du: Amaitu da negua,
Ni trikua naiz, Bi arrano gora dabiltza hegaletan;
Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,
Zein putzu edo zulotan izkutatzen zarete?
Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago.
Ordea bertan gelditzen da bera ere hosto lehor balitz,
artean ez baita eguerdia baino, eta lege zahar batek
galerazi egiten baitizkio eguzkia, zerua eta arranoak.
Baina gaua dator, joan dira arranoak, eta trikuak,
Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,
Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio,
seguru bere arantzetaz nola egon baitzitekeen
Gerlari bat bere ezkutuaz, Espartan edo Corinton;
Eta bapatean, zeharkatu egiten du
belardiaren eta kamio berriaren arteko muga,
Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez;
Eta nola bere hiztegi unibertsala ez den
azkeneko zazpi mila urteotan berritu,
ez ditu ezagutzen gure automobilaren argiak,
ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere.

Hitzak: Bernardo Atxaga.
Musika: Jabier Muguruza.

4. AHOPEAN

Hala bada eta benetan
oherako keinu garbia egin badik,
amore emantzak,
ez hadi larritu,
eta soseguz
egizak bisita
haren lurralde epelera.
Eskertu ezak apal
ederraren opari iheskorra.
Eta ez hadi gero gizon portatu.

Hitzak: Jon Iriberri.
Musika: Txema Garcés.

5. HAURRAK HAUNDITZEN DOAZ

Ilunabarrean, nekatuta gaude.
Gehiegi sinistu dugu
edo gutxiegi, agian.
Haurrak haunditzen doaz.
Egunero daude mila harri
bidean traban jarriak,
armiarmak bezela burmuinean
eta loa astunagoa da
eta amodioa ohizkoagoa.
Eta zure begi tristeak daude,
konturatu zinelako
arrunta nintzela batez ere,
ez dela asmakizun harrigarririk
bizitzaren ohizko joanean.
Baina trenak pasatzen dira
eta amesten dugu bidaia ederra.
Amesten dugu oraindik goizaldean
egunsentiko argiarekin
trena pasatzen entzutean.

Hitzak: Xabier Lete.
Musika: Jabier Muguruza

6. KITARRA BAT NINTZEN

Kitarra bat nintzen
kolpeka ibiliz gero,
desafinatu egiten zena:
zu ez konturatu ordea.
Akordeoi bat nintzen
zu ez konturatu ordea:
hauspoari fuerteegi eragin
eta nik notarik sortu ezin
Ahots bat nintzen
zu ez konturatu ordea
gehiegi zenuen behartu
egin zen urratu.
Eta joan zinenean
soinua ene baitan
askatu gabe
geratu zen.
Kitarra bat nintzen…
Akordeoi bat nintzen…
Ahots bat nintzen…

Hitzak eta musika: Jabier Muguruza.

7. MUTIKO ARROTZAREN KANTA

Mutiko bat da
izen arrotz batekin
herri arrotz batean
mendi-aldeko etxean
“Egin lo ume egin lo”
amak erraten dio
“Herrira noa, laixter naiz”
gauetan ama herrira da.
Aita urruti da
ama, berriz, gauero herrira
tabernetan ikusten dute
edatea atsegin duela diote
Berandu da gauean
inor ez da inguruan
haizea entzuten da
euria baita sarritan
Berandu da bainan
iritsi da azkenean
sarrail hotsa sentitu du
mutikoa lotan da azkenean
mutikoa lotan da azkenean.

Hitzak: Iñaki Irazu.
Musika: Jabier Muguruza.

8. OROITZAPENAK

Musika: Roberto Yaben
(Manuel Yaben-i dedikatua).

9. ZUBIONDOKO GAZTAINATZE

Gaur goizean
lanera bidean
erdilotan autobusean
paretik pasatzean
Zure ederrak jotzean
jabetu naiz bapatean
iritsia dela udaberria
Zubiondoko gaztainatze
Isil-misil
txintik gabe
argiaren aroan gaude
ernaminak jota zaude
Aldabak lez atean
ezustean jo nauzu
eta ene barruan
zerbait mugitu didazu
“Askatu zeu ere
argiaren aroan gaude!”
dei egin didazu
Zubiondoko gaztainatze
“Jaio zeu ere
bizi berrira
nirekin batera
lotan baitzaude”
“Zabaldu leihoak
alderik-alde
airea dadin
zokotan barne”
“Utikan bertatik
traste zaharrak
enbarazu besterik
egiten ez dutenak”
“Bota zakarrera
eskutitz zaharrak
dagoeneko iraganak
jota daudenak”
“Ahaztu gabe
armairu zokoan
maiztua duzun
alkandora zatarra”
“Kitatu zure zorrak
itzuli inork zuri
aspaldi utzitako
liburu hori”
“Astindu gogotik
oroitzapen zakarrak
bertan diren
itzal gorrak”
Gaur goizean…
Berritu zeu ere
argiaren aroan gaude
berritu zeu ere
Zubiondoko gaztainatze.

Hitzak: Iñaki Irazu.
Musika: Roberto Yaben.

10. URTAIN

Ukabilak harrotu dira
gauaren baitan, gogor
ukabilak askatu dira
ilunaren aurka, zurtz
Aizkorak harrotu dira
etxeko atarian
altzairuaren diztira
ernea zaik begietara
Ez duzu itzultzerik
behin utzitako etxera,
ez dago biderik
araua hautsi delarik
Eta bizkar emanda
atzera egin behar
jaio zinen arana
betirako utzita
Eremu idorrean
ortzean zehar hodeiak
bertan arrotza haizena
ekartzen gogora
Bertan ez duk gero
euriren hots xamurrik
aspaldiko lagun-arteko
gizon haien jatortasunik
Ukabilka, ukabilka
gauaren baitan
ukabilka, ukabilka
ilunaren aurka.

Hitzak: Iñaki Irazu.
Musika: Jabier Muguruza.

11. IKUSI ZINTUDAN
Musika: Jabier Muguruza.