titulo_menu_bio.gif

Jabier Muguruza

Jabier Muguruza 1960an jaio zen Irunen, eta bost urte zituela musika munduan murgildu zen, akordeoia jotzen. Zazpi urterekin Europako txapelketa eskuratu zuen instrumentu horrekin, Holandan, haurrentzako kategorian. Gerora, Frantzian, Italian eta Alemanian irabazi zuen lehiaketa hori.

Zuzenbide eta Pedagogia ikasten hasi zen, baina musikara dedikatzea erabaki zuen. 1982an uko egin zion soldaduskara joateari.

Hainbat urtez kontzertuak ematen aritu ondoren, proiektu musikal ezberdinetan parte hartzen hasi zen, eskusoinuaz beti ere, bai rock bai kantautore munduan: Zarama, Imanol, Kortatu, Antton Valverde, Xabier Lete, Delirium Tremens...

1989an, bide pertsonalago bati ekinez, haurrentzako disko bat grabatu zuen, "Ja, Ja" izenekoa (IZ, 1989). 1990ean Les Mecaniciens pop taldea sortu zuen, modu horretara hiru lan kaleratu zituelarik: "Erabakia" (Elkar, 1990), "Ia Xoragarria" (Elkar, 1992) eta "Euskadi jende gutxi" (Esan Ozenki, 1993).

Era berean, Joxe Ripiauren partaide ere izan zen, taldearen sorreratik 2000. urtean desegin zen arte.

Kantautore gisa 94an hasi zen lanean, orain arte honako diskook kaleratu dituelarik: "Boza barruan" (Elkar, 1994), "Kitarra bat nintzen" (Elkar, 1996) "Aise" (Elkar, 1997) "Fiordoan" (E. Ozenki, 1999), "Hain guapa zaude" (Metak, 2001) "Enegarren postala" (Resistencia, 2003), "Liverpool-Gernika" (Hirusta Records, 2004), "Abenduak 29" (Resistencia, 2005) eta "Konplizeak" (Elkar, 2007). Testuei dagokienez, Muguruzarenak berarenak dira batzuk, eta, gainerakoak, Iñaki Irazu, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, J. Luis Padron, Harkaitz Cano, Inazio Mujika, Gerardo Markuleta, Xabier Lete...

Hainbat disko-liburu eta obra kolektibotan parte hartu du, hala nola: "Nueva Etiopia", Bernardo Atxagaren obraren inguruan, "Cantame mis canciones", Jackson Browneren omenez, "Ehungarrenean hamaika", Lauaxetaren testuetan oinarriturik, "Está en nuestras manos", Amnesty Internationalen ekimena, "Itsasoan urak handi dire" Julen Lekuona zenaren omenez, "Euskadi Galiziarekin", "Hau da ene ondasun guztia" Joseba Sarrionandiaren obraren inguruan, "Acordes con Leonard Cohen", Leonard Cohenen omenez, "La mano que mece la luna", "Bidean aurkitu zintudan", Mikel Errazkin zenaren omenez, "Mundo Café", "Plaza 2001-2003", "Catorze poemes, catorze cançons" Maria-Mercè Marçal zenaren omenez...

Jabier Muguruzak, azken urteotan bereziki, Euskal Herritik kanpoko zirkuitoa ireki eta zabaltzea lortu du. Espainiar estatuan presentzia sendoa izateaz gain, lan egin du Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Brasilen...

Literatur lanari dagokionez, 90. hamarkadaren hasieran Emak Bakia literatur klubeko sortzaile izan zen, beste hainbat idazle eta musikarirekin batera: Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Jose Mari Iturralde, Maria Garikano eta Iñaki Irazu, besteak beste. Klubak Garziarena fanzinea eta liburu sorta argitaratu zituen.

Ordudanik Erein argitaletxean haur literaturako zazpi liburu publikatu ditu Muguruzak: "Sei lagun, sei sekretu" (1.994) "Gabon Guanito" (1.995) "Sebas leihotik begira" (2.001) "Zubi misteriotsuan" (2.001) "Asteburu bat tren zaharrean" (2.004) "Amapola oporretan" (2006) eta "Jon eta zaldiak" (2009); baita helduentzako beste bi ere: "Bizitza pusketak" (1.996) eta "Laura kanpoan da" (1.999). Modu berean, azken urteotan, artikulu andana idatzi ditu hainbat komunikabidetan.

97an "Itzultzaile bat Parisen" eta "Groenlandiako lezioa", errezitaldi musiko-literarioak ematen ibili zen, herriz herri, Bernardo Atxagarekin batera. 2001eko Frankfurteko liburu azokan izan zen, Euskal Editoreen Elkarteak gonbidaturik.

"Hain Guapa Zaude", euskal diskorik hoberena izendatu zuen Academia de las Ciencias y Artes de la Musica delakoak, 2002ko Musikaren Sarietan. Sari bera jaso zuen Academiatik 2006an eta 2008an.

2002an artean, "Ba al daki norbaitek, benetan, zer ordu den?" izeneko sortze lana eskaini zuen Donostiako Kursaalen, Plaza jaialdiaren barruan. Bertan, musika, testua eta bideoa uztarturik azaltzen ziren.

Jabier Muguruza Liverpoolera joan zen 2004an, Paul McCartneyk sorturiko L.I.P.A eskolak (Liverpool Institute for Performing Arts) gonbidatuta. Han, ikasle onenek osaturiko taldearekin aritu zen lanean, irakasle, euskal kantariaren errepertorioa prestatzen. Ondoren, bira bati eta disko grabatzeari ekin zioten.

2006an, Grec, Bartzelonako jaialdiaren irekitze kontzertua protagonizatu zuen, Javier Ruibal eta Quico Pi de la Serrarekin batera.

2005ean antzerkirako musika konposatzen hasi zen, obra desberdinetarako: "Groau", "Zeta", "Sommer Jaunaren istorioa"... Urte berean, "Mara-mara diskak" izeneko haur disketxea jarri zuen martxan. 

Radio Euskadiko ohizko kolaboratzailea da 2002. urtetik. 2010.urtera arte -Javier Vizcaínok zuzendaritza utzi zuen arte-, "Más que palabras" saioan, eta geroztik "Boulevard" magazinean.

Musika eta literatura lantzen jarraitzen du Muguruzak, bitartean proiektu desberdinetan parte hartzeari uko egin gabe.

Jabier Muguruza
 
2010 Jabiermuguruza.net
posta@jabiermuguruza.net