Jabier Muguruza Webgunea
Sarrera Kontzertuak Berriak Biografia Diskografia Liburuak Prentsa Argazkiak                     Castellano

Bikote Bat Hitzak

1. Bikote bat
Harkaitz Cano

Bikote bat gela hutsean:
gizonak pentsatzen du, eskua kokotsean;
eta andreak pentsatzen du, zutik, leiho ondoan.

Gizonak, ez duenean nora,
eskua darama kokotsera,
andrea, ez duenean nora,
oinez doa leihora.
Gizona pentsatzen ari da
nola egin esateko
esan ezin dena; 
nola esan ez egitekoren bat
egin duela.

Andrea pentsatzen ari da
nola hasi esaten bukatu dela;
nola bukatu inoiz
erabat hasi ez zena.
Gizonak eskua kokotsean,
andrea zutik leihoan.
Biak nola esan,
zer egin
pentsatzen.

2. Arima lapurra
Iñaki Irazu

Zuhur ibiltzeko
ari dira esaka
bazter guztietan,
arima lapurra
omen dabil
malgu, arin.

Irri zuri bat
hitz zuri bat
eta arima
lapurtua dizu
konturatu ere
egin gabe.
Oso arriskutsua
dela diote,
harremana
hasiz gero
ezin duzula
atzera egin

Irri zuri bat
hitz zuri bat
eta berarena
zara, lagun
eskua erabili
beharrik gabe
Hitz zuri bat
irri zuri bat
eta uste gabe
jabea duzu,
lagun, arima
kendua dizu

3. Gosari jendetsua
Gerardo Markuleta

Katilu urdin ilun biok
–“Made in Britain”–
Lindak erosi zituen,
“Dena Ehunean”;
elkarrekin bizi ginela
orain dela mila urte.

Ezti argi urrezko hau
–“mila loren ezti jator”–
senarraren herrian
lortu zidan behin Martak,
tarteka ohaide ginela,
duela hiruzpalau mende.

Pomelo-uraren ohitura
Daimarekin hartu nuen;
fresko eta garratz punttua,
itsas berrien berria
eman zidan, azal ilun,
aspaldian, aspaldian.
Kafea turkiar erara
gertatzeko ontzi bitxia
Anaren erregalia
nire hogeigarrenean,
ilea artean luze nuela,
aurreko bizi batean.

Zure konpainia berriak
goxatzen dit ohiko gosaria;
ez dezatela nire konpainia zaharrek
zure gosari berria mikatz.

Lasai hartzazu, laztana:
kurasanak eta musuak
egun-egunekoak dira.

4. Gauez iristea
Lourdes Oñaederra

Gustatzen zait gauez iristea
urrutiko lekuetara.
Hiri berri bat gauez
gertuago dago
gertuago sorlekutik
eta ematen du leku hori
ez dela erabat berria
ez dela erabat arrotza.

Gauez epelago dira distantziak
hirietako kaleak ezagunagoak,
nola esan, gureagoak.
Inoiz ikusi gabeko
hiri batera gauez iristean
ematen du orduan
ez dela lehen aldia,
ez dela lehen aldia.

Gustatzen zait gauez itzultzea
itzultzea etxera eta gauez
ibiltzea nire kaleetan
urrutikoen antza
handiagoa dute orduan
jolas naiteke, amets egin
han nagoela eta ez hemen
ez naizela itzuli osorik

5. Euria ari badu
José Luis Padrón

Eta euria ari badu,
aterkien gainetik irtengo naiz kalera,
laino beltzen argitasunez betea.
Eta eguraldia oso txarra bada,
lasterka joango naiz zugana
lasterka joango naiz zugana.

Eta euria ari badu,
behin eta berriro eroriko naiz
zure begien putzuan, gero eta beherago.
Eta eguraldia oso txarra bada,
arrain baten gisan zurekin
ibiliko naiz bueltaka.

Eta euria ari badu,
ezer ez da izango nirea:
munduko izaki zurekoiena.
Eta eguraldia oso txarra bada,
erakusleihoetan gordeko gara,
maniki biluziak bezala.

Eta euria ari badu,
egunen itsasora joko dute
zure bizitzak eta nireak.
Eta eguraldia oso txarra bada,
arropa bustiaz ezkonduko gara
arropa bustiaz ezkonduko gara.

6. Estralurtarrak
Rikardo Arregi Diaz de Heredia

Hawking handiak esan berri du
hobe dugula isilik egon,
diskretu izan unibertsoan,
apal jokatu, zer gerta ere,
estralurtarrak guztiz onberak
izango diren ziur ez dela.
Adimendua eta gaizkia
askotan dira adiskideak.
Kontuz ibili galaxiekin,
kontuz ibili zulo beltzekin.
kontuz ibili ET horiekin.
Estralurtarrak, estralurtarrak,
geldi zaitezte zuen planetan.

Hobe bakarrik unibertsoan,
lagun gaiztorik ez dugu behar.
Mundu berriak deskubritzea
zer den dakigu, galdetu hortik,
Ameriketan, Afrika hartan.
Gu geu on-onak ez gara izan,

elkar hiltzeko oztoporik ez,
sekula, inoiz, ez dugu izan.
Kanta dezagun apal-apalki,
zarata gutxi, hobe isilik,
hobe bakarrik unibertsoan.

Estralurtarrak, estralurtarrak…

Lur planetako biztanleria
ez da jadanik utopikoa.
Azkar gabiltza, zoro, gainera,
zeregin asko dugu guk beti:
komunera joan, jana erosi,
mezuak ikusi, azkar mozkortu,
lanera joan, sosak zenbatu,
arlote bizi, pixkanaka hil.
Kanta dezagun apal-apalki,
zarata gutxi, hobe isilik,
hobe bakarrik unibertsoan.

Estralurtarrak, estralurtarrak….

7. Lausoa kristalean
Iñaki Irazu

Begiak busti
egin zaizkizu
sukaldean gosaltzen
solasean
ari ginenean.
Eta beldur
izan nauzu
ez bainekien zer egin
zure malkoekin

Leiho kristalean
lausoa zen
eta ez kanpoan
ari zuen
euriagatik:
ganbaran den
harpa beltz
tzar horrek badakizu
nola jotzen duen

Euria ari zuen
bide ertzeko
harria garbitzen
biharamunean
eser gintezen
baina beldur
izan nauzu
ez bainekien zer egin
zure malkoekin

8. Cansancio
Javier Rodríguez Marcos

Tumbado, mira al cielo,
se deja ir. Las nubes
están en su cabeza. Nada nuevo
allá afuera, y es más
que suficiente.

Ni pájaros ni aviones
detrás del pensamiento.
Quiero decir: tiene la mente en blanco,
piensa en prosa, llega por la colina
del misterio y, cansado,
sin ideas, sin ganas
de buscarle sentido
a sus actos, con toda
la pereza del mundo
se tumba en el poema.

10. Paradisurako jaioak gara
Bernardo Atxaga

Paradisurako jaioak gara.
hala nola txoriak airerako;
paradisuaz behera ez dugu
ezer ere nahi, ezer ere ez.
Eta nahiz arau orok baduen
Salbuespenen bat edo bi,
eta teorian sukar izpi bat edo
min txikiren bat han edo hemen
erraz onartuko genukeen
halakorik ere ez, arren,
benetako paradisu batek
un paradis comme il faut
ezin duelako salbuespenik izan,
eta gu paradisurako jaioak
garelako, denok paradisurako
hala nola txoriak airerako.